_____

NOR GARA?

Gure ikastola Antigua auzoan kokaturik dago. Orain dela 50 urte baino gehiago auzo ekimenetik sortutako ikastola gara eta gaur egun ikastetxe publikoa. Euskaraz eta euskal kulturan errotutako hezkuntzarekin konprometiturik gaude eta era berean, beste kulturetara irekia.

 

Gure jarduna oinarritzeko, eskolako printzipio orokor hauek hartzen ditugu abiapuntu:

  • Eskola inklusiboaren baitan, ikasleen aniztasunari arreta ematea eta familiei aholkularitza eskaintzea.
  • Pertsonaren garapen integralari lagundu, sexuaren araberako esteriotipoak eta rolak alde batera utziz, baita berezkeria mota oro ere.
  • Elkarrekin koordinatuta aritzea, heziketan arduradunekin lankidetzan, batik bat familiekin.
  • Bizikidetza giro egokia sortzeko lan egitea.

 

Ikasleak bi urterekin hasten dira eta hamabi urte arte gure eskolan oinarrizko hezkuntza jasotzen dute. Ondoren, Antigua-Luberri institutura atxikituta gaude eta gure ikasleek han, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ikasteko aukera dute. 

 

HONELAKOA DA GURE IKASTOLA

 

AUZOAN AUZOKOA

Antigua auzoaren kokapen berak berezko identitatea eta izaera ematen dio ikastolari. Gelakideak elkarrekin ateratzen dira ikastolatik, denek batera elkarrekin jolasten jarraitzen dute auzoan: garraiorik gabe eta bertatik bertara. Umeek auzoan garatzen duten autonomia maila handia da, elkarri babestuz eta kiroldegi, liburutegi eta gainerako instalazioen ezagutza handiarekin.

Jakintza Ikastola jaio zenetik auzoarekin uztartua bizi izan da: auzokoa eta  auzoan. Bertan antolatzen diren ekintza askotan parte hartzen du, baita berak antolatu ere. Hor ditugu Gabonak, Danborrada, Kalderero, Santa Ageda, Korrika etab. Eta hauekin batera, auzoko elkarte, kultur etxea etab. antolatzen dituzten ekintzetan ere parte hartzen dugu (Olentzeroren jaitsiera, Euskararen Eguna, Iñude eta artzaiak etab.).

 

LUGARITZ IKERTZE 

Hala nola, Lehen Hezkuntzakoek, Lugaritz Ikertzek antolatzen duen ipuin lehiaketan parte hartuz, non alde batetik, irakurtzeko eta idazteko zaletasuna eta gaitasuna bultzatzen lagundu nahi duen eta bestetik, ilustrazioen balioa eta ilustratzaileen lan garrantzitsua azpimarratu. Auzoan zehar irakur-saioak egitera ere ateratzen dira, liburuaren egunean.

 

 

BULARRETIK MINTZORA

Ildo beretik, Haur Hezkuntzak, “Bularretik Mintzora” proiektuan parte hartzen du Lugaritz Kultur Etxeko liburutegia ardatz delarik. Egitasmo honek 0 eta 6 urte bitarteko haurren irakurketa ohitura sustatzea du helburu, hiru esparrutan eraginez: etxean, eskolan eta liburutegian.

 

 

KULTUR ETXE ETA KOMERTZIOEKIN ESKUHARTZEA

Programazioak aurrera eramateko auzoan dagoen komertzioarekin ere hainbat eskuhartze izaten dugu (okindegia, janari dendak, harategia, arraindegia…).

 

 

ONGI ETORRI ESKOLARA

 “Ongi etorri eskolara”, kultura artekotasuna osotasunean lantzen duen proiektuan parte hartzen dugu: gelan, eskolan, familiekin eta auzoan. Gelan eta eskolan kultura artekotasunaren ikuspuntua lantzen du, eskola komunitatea, eskola osatzen duten kultura guztiak balioztatzearen garrantziaz, sentsibilizatuz. Aldi berean, kultura guzti hauek euskarara eta euskal kulturara gertura daitezen lan eginez. Horrela, “familia laguna” izaten da bi kulturen arteko zubia egiten duena eta eskolan eta auzoan integratzen laguntzen diena.

___________________